XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. Gaur egun dagoen behin-behinekotasun egoera gaindituko duen legedirik ez dago.

Mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko Kode Penalaren onarketak adin penalerako muga 18 urtetan finkatu, eta adin txikiko lege-hausleei dagokien araudia 18 eta 21 urte arteko gazteei ezartzeko aukera ematen du.

Aurrikuspen horiek, ordea, ezin dira indarrean sartu, eskuhartze hori bereziki arautuko duen estatu mailako araudia onartu eta indarrean sartu arte. Eta araudi horren beharra larria eta igaro den denbora luzea den arren, oraindik onartu gabe dago.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak arau mailan dagokion eskuduntzaz baliatu behar du eta zerbitzua hobetzeko zenbait gai arautu beharra dauka, hala nola ondorengo gaietan: neurriak ezartzen dituzten zentro eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak, zerbitzu horien kontrolerako mekanismoak, neurriak erabakitzen dituzten organo judizialen eta indarrean jartzen dituzten administrazioen arteko koordinaziorako sistemak...

4. Adin txikiko hauei ematen zaien erantzunean ohiko sistemek daukaten inplikazioa txikia da.

Garbi dago adin txikiko pertsona hauekin, hala delitu-egintzak burutu aurretik, nola neurriak indarrean jarri baino lehen edo ondoren, zerbitzu desberdinek (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, poliziak...) prebentzio-lan handia egin dezaketela. Baina, garbi dago ohiko sareek, baita neurriak indarrean jarrita dauden denboran ere, abantaila izugarriak eskaintzen dituztela.

Horrela, derrigorrezko aroan ohiko hezkuntz sistematik kanpo eskolaratzea bezalako egoera batzuk berehala zuzendu behar dira.

5. Hiru lurraldeen artean praktika judizialari dagokionez desberdintasunak nabari dira.

Adin txikikoen Auzitegi bakoitzak, noski, eskuduntza osoak dauzka ezarritako marko juridikoaren barruan epaitutako kasuei egokienak iruditzen zaizkion neurriak ezartzeko.

Normala da, beraz, auzitegien artean desberdintasunak egotea. Baina, txostenean jaso diren datuen arabera, aldeak oso nabariak dira gai garrantzitsu batzuetan, esate baterako eskuhartze tasetan.